jueves, 6 de agosto de 2009

Zientzia eta abentura elurretan. Fridjotf Nansen

Fridjotf Nansen gazte aparta izan zen. Norvegiar eskiatzaile onenetakoa, 12 urtetan jarraian Norvegiar iraupen eski txapelduna eta jauzilari trebea 1880ko hamarkadaren inguruan. Gainera, ikasketak bukatu eta berehala nabarmendu zen zoologo azkar eta zorrotz bezala.

1888an Groenlandiaren lehen zeharkaldia egitea lortu zuen kostatik kostara Svadrup bere lagun eta beste lau gizonekin . Txakur leren laguntzarik gabe, eskiekin bakarrik eta leretatik tiraka.

Handik urte batzuetara, bere proiektu zoroa proposatu zuen poloetako esploratzaileen foro nagusienetan. Beste esploratzaileen esperientzietan oinarrituta eta hainbat behaketaren laguntzarekin, konklusio honetara iritsi zen: badagola itsas ur laster bat, Siberiatik, Ipar Poloaren inguruetatik pasa ondoren, Groenlandiaren ekialdeko kostaruntz doana. Eta hori horrela zela frogatzeko, hau proposatu zuen: Itsasontzi gogor eta egoki bat eraikitzea -itsas izoztuaren indarrek bere kaskoa txikitu ordez, haien gainera altxa zezaketena- bertan ostatu emateko ontziaren tripulazioari; eta horrela, izotzek lotuta, haien bidaia jarraituz, ur laster hipotetiko hark bultzatuta, Ozeano Artikoa zeharkatu puntatik puntara. Bere kalkuluen arabera bizpahiru urteko bidaia izango omen zen.

Erokeria, ezinezkoa, suizidioa, arduragabekeria! Zientzialari eta esploratzaileen erantzuna guztiz iritzi berekoa izan zen. Hainbat oztopo ikusten zituzten gainditu ezinak, eskorbutua, artikoko neguen gogortasuna, bai eragozpen fisikoak, bai psikologikoak kontutan hartuta, ezinezkoa ikusten zuten itsasoaren urak ontziaren inguruan izozten direnean sortzen diren indarrez ontzia libratzea apurtu gabe, eta azkenik, ur lasterraren izateaz ere zalantza asko zauzkaten adituek.

Gutxi batzuek ikusi zuen posible zela eta haien artean norvegiar gobernuak, eta horri esker 1893ko uztailean abiatu zen Nansen, Fram izeneko ontzian, beste 12 marinelekin, halako singladura xelebrea betetzeko asmoarekin, ezezaguntasunaren iluntasunean bete-betean murgiltzeko prest.

Lortu zuen, bai, Nansenek, bere espedizioa aurrera ateratzea, bere esandako guztiak banan bana zuzenak zirela demostratuz. Eta ez hori bakarrik, 1895eko udaberrian ontzia Ipar Polora nahikoa ez zela hurbiltzen ikusita, Johansen espediziokidearekin, ontzia, beraien babes bakarra munduan, atzean utzita, hor joan ziren bi gizonak, txakur leren laguntzarekin, polorantz. Ez ziren iritsi, baina ordura arte inor baino gertuago egon ziren beraien helburutik. Handik bueltan bidaia harrigarria egin ondoren, biek, inoren laguntzarik gabe, negu iluna lurralde haietan igarotzea lortu zuten eta 1896an bueltatu ziren Norvegiara. Bitartean Frameko gizonek, Svadrup, Nansenen Groenlandiako lagunak zuzenduta, ontzia oso-osorik Norvegiara eramatea lortu zuten, etorkizunean munduaren leku haiek menperatzeko pausu erraldoi bat emanez.

Hau izan zen Fridjof Nansenen abentura harrigarria “En la noche y entre los hielos” bere liburu famatuan munduari ezagutarazia.

Baina badago beste historia bat, hau bezain harrigarria, Nansenek berak erdizka utzitakoa, beraz ez hain ezaguna. 1882tik 1888ra, Nansenek, Groenlandiara abiatu aurretik Bertengo Zientzia Museoan egiten zuen lan eta bere lana ez zen txantxetakoa. Beharbada “mixina” izeneko animaliak ez ditu jende askok ezagutuko, zizare itxurako animalia lirdingatsu eta nazkagarri hau sedimentuen azpian bizi ohi da eta nahiko berezia da, azken 300 milioi urteetan ez da gehiegi aldatu, bere nerbio sistema nahiko xinplea da eta horregatik, hain zuzen, aukeratu zuen Nansenek bere ikerketen protagonista bezala.

Garai hartan nerbio sistema sare etengabe bat zela uste zuten zientzialari gehienek, teoria retikularra defenditzen zuenek. Gutxi batzuk aldiz, eta Nansen hauen artean, teoria neuronalaren aldekoak ziren, hau da, nerbio sistema banakako zelulez osatuta zegoela, neurona izenekoez, eta beraien artean komunikatuta “sinapsi” izeneko zubi batzuen bitartez.

Borroka zientifiko honetan hartu zuen parte Nansenek hasieratik, guztia bertan bera utzi eta esplorazio artikora buru belarri dedikatu arte. Berea izan zen teoria neuronala aurkeztu zuen aurreneko artikulua, 1886ko irailean publikatutakoa eta gero etorriko ziren besteak, Ramón y Cajal haien artean. Italiara joan zen Golgi famatuarekin lan egitera eta bere tinzio teknikak ikastera. Golgi, retikularren taldekoa zen, Nansenek aldiz, haren teknika mixinen nerbio sisteman erabilita, neurona banako horiek ikusi nahi zituen. Baino ez zuen lortu, arrakasta hori, eta ohorea, noski, beste batzuentzat izan ziren.

Historiaren bukaera guztiek dakizue, Golgiren tekniken bitartez, Ramón y Cajalek bere lan zehatz eta finari esker, haren teoriaren kontrakoa demostratu zuen, Nansenek lortu ez zuena. Horri esker, bi aurkariek, Golgi eta Ramón y Cajalek, Medikuntza Nobel saria jaso zuten 1906an.

Hala ere, gure Nansen harrigarri honek (inbidia kentzeko izango ote zen) politikara dedikatzeko denbora ere eduki zuen, Norvegiaren independentzian paper nagusia jokatuz eta I Munduko Gerraren ondoren, errefuxiatuen alde egindako lanari esker, berak ere Nobel saria jaso zuen, Bakearena kasu honetan, 1922an.


www.taraexpeditions.org

4 comentarios:

  1. Kasualidadea izango da, baina beste lagun batzuk gomendatu ziguten liburua eta bere atzetik gabiltza. Zoritxarrez liburua deskatalogatua dago eta ezin da lortu!
    Aio!
    Esti

    ResponderEliminar
  2. Kaixo Esti, liburua Okendo kulturetxeko liburutegian daukazu.
    .rafa

    ResponderEliminar
  3. Mila esker Rafa. Atzo bertan lagun batek utzi zidan eta irakurriko dugu.
    Esti.

    ResponderEliminar
  4. Edarra artikulua Rafa! Liburuakin bat itxen daben gauza askotaz gain, zertzelada berri batzuk ere ezagutzeko aukeria izan dot!

    ResponderEliminar