sábado, 8 de agosto de 2009

Aubisquera Igoera

Igaro den Uztailaren 29an, Asteazkena, udako entrenamendu planei jarraipena emanez, bigarren portua igotzeko irteera prestatu genuen egun pasa baten bidez. Oraingo honetan, Aubisque izeneko mendi portu ezaguna igo genuen, aurreko igoerari, Col du Couraduqueri zailtasun eta luzera gehituz, hau ere nabaritu zelarik azken kilometroetan.

Hau da col d´Aubisquera iristeko dagoen bide gogorrena, Larunseko isurialdealdetik hasten dena, Gave d´Ossau ibaiaren gainean dagoen zubitik hain zuzen. Autoa bertan utzi eta hortik hasi genuen igoera guk ere, txirrindulariak bezalaxe, nahiz eta atzean beste 150km ez eraman (baina ziur bat baino gehiagok nahiago lukeela bizikletan igo, Rolleskiekin baino). Kilometro bat igarota, bihurgune batean ezkerrerantz sartu behar da, Col du Portaletera ez igotzeko. Hau izango da igoerako eremu gozoenean, maldaren pendiza oraindik ez baita hain gogorra (%4-%6 bitartekoa) eta horretaz gain asko eskertzen den itzalaz goza daitekeelako Eaux-Bonnes izeneko herri termaleraino gutxi gora behera, 5.km-an kokatua. Herria atzean utzi eta berehala ikus daiteke kartel mehatxagarri bat (¡¡ 13% !!) eta horrek igoerari gogortasuna jartzen dio zalantza izpirik gabe, nahiz eta oraindik zuhaitzengandik lagunduak izan.

Hemendik tontorrera iritsi arte pendiza ez da inoiz ere 8% jaitsiko, hor hasiko da benetako sufrimendua,ez baitago inolako deskantsu gunerik. Elurroldeez babesten gaituzten bizpahiru tunelak zeharkatu ondoren berehala hasiko gera Guretteko eski estazioan dauden etxeen teilatuak ikusten eta hori izango da igoeraren lehenengo helburuetako bat. Behin etxe hauetara iritsita geure oinek planto egiteaz mehatxatu gintuzten, baina behe behean zeuden indarrak atera eta goiari ekin genion (laguntzaileen animoei esker ere) baina oraindik tontorrera iristeko beste 400m-ko desnibela irabazi behar genuen eta horrek zailtasun asko ekarri zizkigun, batez ere, itzalik ez dagoelako eta Lorenzo jaunak ongi astintzen gintuelako. Baina beste ordu erdiko lana egin ondoren gaina harrapatu genuen, 1709 metrotara kokatua dagoen hainbeste esperotako gaina.

Guztira 1200 metroko igoera igotzen dira 17,3 Km-tan banaturik eta bi ordu eta 20 minutu behar izan genituen gainera iristeko. Pertsonalki, eta egia esan, igoak ditudan portuen artean gogorrena dela iruditu zitzaidan, besteak beste distantzia asko baitago Laruns eta Aubisqueren artean, baina behin tontorrean ikus daitezkeen paisaia paregabeak ikusita, atzeko sufrimendu guztiak ahazten dira.

Josu Erkizia Aranburu


No hay comentarios:

Publicar un comentario