jueves, 1 de julio de 2010

Donostiatik Adarrara bizikletan

Jakin, badakigu Donostiako bistarik politena Kontxakoa dela: horrela gogorarazten digute bisitari guztiek aukera daukaten bakoitzean; eta ni ez naiz ausartuko iritzi horri kontra egiten, gaur ez behintzat, baina badago beste bista bat niri gehiago gustatzen zaidana, agian hernaniarra naizelako eta, gainera, lehorrekoa erabat, itsasoaren xarma inondik ikusteko itsua den horietakoa. Hau barrualdera Urumea gaineko edozein zubitatik Adarrari begira ikusten den bista da, batez ere neguan, elurrak apainduta erakusten dizkigunean bere magalak. Adarra mendiak Donostiarekiko lotura handia du, nahiz eta Donostiatik kanpo kokatuta dagoen. Bertako mendizale guztiontzat erreferentzia bat da, bilbotarrentzat Pagasarri bezala, edo Tolosarrentzat Uzturre mendia.

Oraingoan Donostiatik irten eta Adarrara joan gara gure mendiko bizikletekin. Hernani eta Urnieta pasa ondoren Andoainen bukatzen den Leitzarango bailara bilatuz. Baltzun baserritik doan pista Etenetako bidean da igoerarik erosoena Adarrara bizikletaz gerturatzeko. Pista ezaguna niretzat; garai batean bere harri koskor guztiak ezagutzen nituen, Leitzarango hainbat lekutakoak bezala. Izan ere, Josebak, nire Andoaingo lagunak dioenez, 10.000km baino gehiago egin genituen elkarrekin Leitzarango hegalmalkar horietatik gehiegi urrundu gabe; bere notatxo guztiak gordeta dauzka oraindik eta noizean behin, afal ostean gintoniken inguruan eztabaida sortzen denean, haiek jokatzen dute epailearen papera.

Mendizaleok garai batean hainbeste gorrotatzen genituen pista hauek, leku hauetatik mugitzeko aukera ezin hobea ematen digute, Adarra bezalako mendiak gure esku jartzeko. Hala ere, bere tontorra menperatzeko, bizikleta gainean goazen zaldunak lurrera jaitsi eta errespetu moduko keinua adieraziz oinez egin beharko ditugu bere azken metroak.

Hemen erakutsitako ibilbideak 50km dauzka guztira, Donostiatik joan etorria egin ondoren, guk Eteneta eta Aballarriko lepoaren bitartean betiko bide zaharra hartu genuen, baina ez dago batere ongi eta metro batzuk beherago doan pista hartzea aukera egokiagoa da, edo, bestela, Adarratik zuzenean iparraldera jo. Hemen ikusi ditzakezue argazki batzuk.

2 comentarios:

  1. baietz igoera horren denbora marka hautsi??

    ResponderEliminar
  2. Nahi dezunean, Josebaren paperetan Trentxiki hasierako iturritik Lapurtxulora 35:41.

    ResponderEliminar