Pasatako negu honetan aurreneko aldiz eskiatzaile euskaldun taldetxo batek hartu zuen parte Esloveniako “Po Planotah Slovenije” iraupen eskiko zeharkaldian. Haien artean CVCko bazkideak ba ziren, haietako batekin, Xabier Irizarrekin hain zuzen, jarri gara harremanetan, bertan bizi izandako esperientziaz mintzatzeko.
CVC fondo: Kaixo Xabi, aurreneko galdera, zeintzuk izan zarete han ibilitako CVCko bazkideak?
Xabi Irizar: Guztira hemengo 8 laguneko talde bat izan ginen, klubekoak Poto Gorrotxategi, Xabier Gorostidi, Javier Larrañaga eta ni, gainera Alberto eta Antxon Gorrotxategi anaiak, Iñigo Oyarzabal eta Enrique Aguadok osatzen genuen taldea.
CVC: Nondik jaio zen ideia?
X.I.: Beno, Eslovenian izandako taldearen parte bat, duela bi urte,” Border to border” Finlandiako zeharkaldi famatuan izan ziren eta bertan jaso zuten hemen parte hartzeko konbidapena, hortik aurrera, gauza pixka bat pentsatu, antolatu eta aurrera joan zen. Talde horri beste lagun pare bat elkartu ginen.
CVC: Zenbatgarren edizioa ospatu du zeharkaldi honek?
X.I.: Hau bigarren aldia izan da. Nabarmena da, naiz eta giro atsegina eduki genuen, eta antolatzaileen jarrera ezin hobea izan zelarik, antolakuntza aldetik Border bezalako zeharkaldi batetik nahiko urruti dagoela, bietan izan direnek diotenez.
CVC: Zeintzuk dira bere ezaugarriak?
X.I.: Guztira 330 kmko zeharkaldi bat da, lehiaketarik gabe eta 7 etapetan banandua. Eslovenia puntatik puntara ibili genuen, baina etapen artean antolatzaileek prestatutako garraioetan mugitzen ginen hurrengo eguneko etaparen abialekura joateko, hori izan zen behar ba da parterik gogorrena, gauzak behin eta berriz atzera eta aurrera mugitzea. Horrela Esloveniako zenbait eski gune ezagutzeko aukera izan genuen, leku hauetan eskiatzen genuen eta zenbait kasutan antolatzaileek bi guneren arteko ibilbideak zapaltzen zituzten. Horregatik denetarik aurkitu dugu , ongi prestatutako eta zapaldutako arrastoak batzuetan eta besteetan ez hainbeste.
Taldea ez zen handiegia, 58 lagun guztira, herrialde desberdinetakoak, eta bertako aterpe edo hotel txikietan egiten genuen lo.
CVC: Paisaiari dagokionez, nolakoak dira lekuak?
X.I.: Eslovenia herrialde mediterranear bat da, oso menditsua, iparraldeko herrialdeekin zer ikusi gutxi dauka beraz, hango lautadak hemen aldapa bihurtzen dira, bai gora bai behera eta eskia askoz gogorragoa desnibelei dagokionez. Lekuak oso basatiak, baso zabalez eta mendi ederrez betea dago Eslovenia.
CVC: Nolako iraupen eski azpiegiturak aurkitu dituzue Eslovenian?
X.I.: Elurra nahiko baxu eta ugari egiten du eta neguak oso gogorrak izaten dira herrialde mediterranear bat izateko, beraz eski guneak edozein lekutan topatzen dituzu , bai alpinoa, bai ipar eskia egiteko. Edozein herritxok zuen bere eski gunea, batzutan xarma handiko aterpetxoekin, elkarte moduan , bertako eski klubak jabe zirela. Ikusten da eskia, jende askok praktikatzen duen kirola dela.
Iraupen eskiari dagokionez, salbuespen gutxi batzuetaz aparte, alpinoko eski guneetan kokatuta daude eta nekez lantzen dituzte 10 km baino gehiago. Beraz, “Po Planotah Slovenije” zeharkaldiaren etapak prestatzeko, zirkuitu bereziak zapaldu behar izaten dituzte horrek dakarzkien arazoekin, desnibel handiko gora beherak, makinen erabilgarritasuna, urratsen kalitatea…
CVC: Nolakoa izan da zuen esperientzia talde bezala?
X.I.: Benetan ona, gehienek ezagutzen ziren elkar lehendik zenbait aldiz, hemen edo kanpoan, mendi edo eski bidaietan ibilita. Harremana gure artean primerakoa izan da eta esperientzia ezin hobea.
CVC: Eta zurea?
X.I.: Beno, ba dakizu, zoritxarrez istripu baten ondorioz txorkatila bihurritu eta min hartuta, eskiatzeko gogoarekin geratu nintzen. Pena bat izan zen, haraino joan hondoren zeharkaldia bukatu ezin izana… baina, tira, gauzak horrela gertatzen direnean onartu beharra dago.
CVC: Taldea ez da berria, bertan eskarmentu handiko jendea zabiltzate, eta ez da aurreneko aldia elkarrekin horrelakoetan jartzen zaretela, etorkizunerako proiekturik bai?
X.I.: Bai, bai, duela aste bete elkartu ginen diapoak ikusi eta, nola ez, afaritxo bat egiteko, eta gauza martxan dago, datorren urtean “Border to border” zeharkaldian parte hartzeko. Batzuentzat ez da lehen aldia, niretzat ordea bai, ea hurrengo urtean zorte hobea al dudan.
CVC: Hala izan dadila, Xabier, eta ba dakizu, handik bueltan CVC fondo blogarekin konpromisoa daukazu bertan bizitakoa kontatzeko.
X.I.: Noski, noski, hala izango da, edo bestela animatu zaitez eta etorri gurekin, "eskiman" baten beharrean gaude.
CVC: Hitza hartzen dizut ba, kronika egiteari dagokionez, besteari buruz, ez dut uste zuek nire laguntzaren beharrean zaudetenik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario