miércoles, 6 de abril de 2011

Azken lasterketa, Naut Aran


Azken urte hauetan beti izan da azken lasterketa Naut Aranekoa, eta aurtengoa beraz ez da gutxiago izan. Igande honetan ospatu zen bederatzigarren ekitaldia Bereteko lautadan eta zale dexente bildu zituen, talde askotarikoak: Haien artean, CAEI zegoen eta hauek izan ziren lasterketaren antolatzaileak.

Aurreko egunean, larunbatean, zaila zen lasterketa baten bezperako giro hori igartzea, eta gehiago zirudien rolleski edota beste edozein lasterketaren aurreko eguna iraupen eskiko lasterketa batena baino. Hurrengo goizean, hamaiketarako zegoen emana hitzordua, eta lehenengo taldea gizon eta emakumeena atera ondoren, beste gaztetxo guztiak atera ziren 2km-ko lasterketa egiteko prest. Horien artean gure bi taldekide zeuden, Manu Elorza eta Jokin Sarasola, denboraldiari amaiera txukuna emateko prest, eta hala izan zen.

Nagusien lasterketan ez ginen taldeko hiru besterik atera, Xabier Del Val, Rafa Elorza eta ni neu, Josu Erkizia. Hiruen sentsazioak oso onak izan ziren azken lasterketa honetan eta denboraldi amaierako sari moduan hartu genuen. Sailkapenak oraindik ez egon arren, ni laugarren postuan sartu nintzen, Carlos Lannes irabazlea eta haren bi jarraitzaileen (Baptiste Cazaux eta Ruben Caseny) atzetik, eta benetan poztekoa izan nuen, lehenengo biran haiekin borrokan ibili baitnintzen. Xabi ere fin ibili zen, eta bere aurtengo denboraldi txukunari ere pasteltxoaren ginda jarri zion, militarrekin hortxe ibili bait zen ukalondoka. Azkenik, Rafak ere oso gustora egin zuela onartu zigun eta lasterketa osoa Berta Vigo nesken txapeldunarekin igaro ondoren, bere oso gertura iritsi zen.

Hau izan da beraz, eskiari dagokionez CVCE taldeak aurten egin duen azken lasterketa, nolabaiteko egoera berezirik bizi ezean (apirileko metro bateko elurte arraro bat).

Lurdesek egindako argazkiak hemen izango dituzue ikusgai, eta sailkapenak ere eskuetan izatean zintzilikatuko ditugu.

Josuerki

1 comentario:

  1. Zorionak taldekide guztiei 2010-11 denboraldi zail honetan jasotako emaitzengatik, eta bereziki Xabi eta Josuri, aurreko denboraldiari begira emandako aurrerapausoarengatik, jarraitu horrela! lana da emaitzen sekretu bakarra, eta etorriko dira gehiago.
    Nire pena bakarra, Patxi Sarasola eta Luis Ibergallarturekin taldean korritzeko aukera galtzea errelebotan. Erronka polita zen eta ilusioarekin onartua hiruron aldetik.

    ResponderEliminar