miércoles, 9 de diciembre de 2009

Elur artifiziala urrutian

Ni, beti bezala nire pikondoan igota, noski, ez naiz ezertaz jabetu. Aurreko egun batean hosto tartetik eguraldiari begira nengoela elurtea norainokoa izango zen ikusi nahian, zera, elur artifiziala egiteko horietako kanoien moduko zerbait ikusi nuen Llanos del Hospitaleko argazki bati begira, edo hala iruditu zitzaidan behintzat.

Harritu ninduen, horrela izanda, nire belarrietara horren oihartzunik ez iristea. Gaur egun, jakina, edozeinek, edozein aitzaki ontzat hartzen bai du publizitate pixka bat egiteko eta nire ustez, Espainiako iraupen eskiko zirkuituetan elur artifiziala ikusten hastea nahiko “notiziablea” izan daiteke.

Jarri nintzen, ba, horri buruz informazio pixka bat jaso nahian eta horrela jakin nuen pasa den urtean Llanosekoek kanoi bat erabili zutela proba moduan (Hori dauka, goxo-goxo pikondotik jaitsi gabe bizitzeak).Dirudienez, ez zaizkie txarrak iruditu jasotako emaitzak eta aurten beste bat gehiago erabiltzekotan dira, udaletxearen eta bertako iraupen eski taldearen eskaerei erantzuna emanez. Baina ez dira hauek aurrenekoak izan elur artifiziala sortzen iraupen eskirako, Katalunia aldean, duela denboraldi pare bat hasi ziren San Joan de l’Ermen 2 km-ko zirkuitu bat mantentzen kanoiekin sortutako elurraren bitartez, eta aurten gauza bera Aransako eskigunean. Badirudi, ba, aurrera doala, elur eskasiaren beldurrez eta geroz eta jende gehiagok praktikatzen duen kirola izanda, kanoien ugaritzea.

Klubeko argizarien ikastaroan elur artifiziala aipatu besterik ez genuen egin. Harekin harremanetan ikusiko ez ginelakoan geunden momentuz gehienak; ni behintzat bai. Jarrera hau aldatzen hasi beharko dugu, informazioa bilatu eta elur hauetan nola jokatu ikasiz.

Agian atzerrian eskiatu duzuenek, honezkero probatuta daukazue bere zaporea, edo bere usaina. Nik, nire pikondoaren hosto tartetik, alpinoko pistetakoak besterik ez ditut ikusi urrutian. Hori dauka, esan bezala, pikondoan bizitzeak. Hona igo nintzen aspaldi, bista zabalagoa edukiko nuelakoan altuera honetatik, baino ez nintzen hostoen oztopoaz ohartu. Egia esan, orain gustura nago hemen eta ez daukat mugitzeko gogo handirik, nahiz eta ez dudan pikurik ikusten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario