Aurreko asteburuan, abuztuak 27 eta 28, Uztarrozen pasa genuen rolleski egiten.
Lagun dexente elkartu ginen bertan: Manex, Manu, Leire, Xabi G., Maitane, Xabi, Josu eta Rafa. Rollerrak jartzen nituen bigarren aldia zen. Artaldea zaintzen Lurdes eta Juanjo zeuden, nola ez. Adin desberdinetako jendea egon arren, giro ezin hobea dago taldean eta hori nabaritu egin da asteburuan zehar.
Larunbat goizean, Burgiko poligonoan klasikoko rollerrak jarri eta teknika pixka bat landu genuen. Aldapa behera txiki bat zegoen eta Rafak horren berri emanda ere, lurrera seko erori nintzen. Oraindik ere ipurdiko mina daukat! Taldea teknika egiten zuen bitartean, Rafa eta Josuren laguntzarekin aldapa osoa jaistea lortu nuen, erori gabe!
Bazkaltzera Erronkarira joan ginen. Denak deskantsatzen geratu ginen bitartean, Josuk Burgiko poligonotik San Martineko Harriraino rolleski egiten joan zen, 40 km.
Geroxeago, Xabi G., Xabi eta Rafa El Rinconetik atera ziren Josuren helmuga berdina izanda, San Martineko Harria. Gainontzekoak, Manex, Manu, Leire eta ni kuarteletik pixka bat gorago atera ginen. Nire lehenengo aldia zenez rollerretan serio ibiltzen nintzena, tranpa egin nuen, Lurdesek kotxean zatitxo bat eraman ninduen. Hori bai, igoeran dagoen aldapa bakarra jaistea tokatu zitzaidan! Eskerrak Rafa eta Josuri goizean aldapa jaisten erakutsi zidatela, bestela…Hala ere, beldur handiarekin jaitsi nintzen, abiadura dexente hartzen baitzen.
Goian geundela, egun osoan izan genuen eguraldi ona desagertu eta behe lainoa agertu eta tenperatura 10º-tara jaitsi zen. Arratsaldeko 18:00-etan Errealak Ligako lehen partida jokatzen zuenez, lehenengoak igo ginenak, gainontzekoen zain, kotxe barruan, goxo-goxo, partidua entzuten egon ginen.
Behin Bortirin geundela, logelak banatu, dutxatu eta afalorduan Juanjoren urtebetetzea ospatu genuen, igandean baitziren. ZORIONAK JUANJO!!!!
Igande goizean, berriro ere Burgira joan eta oraingoan skatingeko rollerrekin teknika landu zuten. Nik bitartean klasikokoekin aritu nintzen ariketatxo batzuk egiten.
Bukatzean, Gardeko igoera egiten zuten. Josuk Burgitik; bi Xabiak Garderako bidegurutzetik; Manex, Manu eta Rafa Gardetik eta Leire, klasikoko rollerrekin, pixka bat goragotik. Oraingoan, ni Juanjorekin igo nintzen kotxean argazki batzuk ateratzeko.
Asteburuari amaiera emateko, Liedenan bokata batzuk bazkaldu genituen.
Maitane
No hay comentarios:
Publicar un comentario