lunes, 22 de febrero de 2010

IX Marcha Peña Guara, Ciudad de Huesca saria

Atzo ekaitza izan zen protagonista Le Somporten jokatutako IX Peña Guara lasterketan. Aurreko igandean gure klubak antolatutako lasterketan hotzak bezala, atzokoan haizeak eta elurrak jokatu zuten paper nagusia eta haien menpe eskiatzaileek nola ahala moldatu ginen froga burutzeko.

Kondizioek aginduta, pentsatutako zirkuituaren ordez, pista berdea, horia eta beltza egin behar izan genituen, helduek hiru aldiz eta gazteek behin; txikienentzat ere izan zen 1,5 kmko lasterketa. Basoak ekaitzetik babesten ba gintuen, pista berdeko kaskora iristerakoan ordea haizeak gogotik jotzen zuen, arrastoa era bat ezabatuz eta oreka behar bezala mantentzeko hainbat komeri sortzen partaideei. Horrela, gure jende gaztea kexu iritsi zen helmugara, baino tira, eskia mendian egiten denez, horrelakoetan ere moldatzen ikasi beharra dago.

Argizariekin nahiko komeri izan genuen gehienek, ez bai zen batere erraza erabaki zuzenarekin asmatzea. Denetarik izan genuen, batzuk oso gaizki, ibilbide erdian norbaitek utzitako eskamazko eskiak hartzeko adina, beste batzuk erdi-ipurdi, hasieran ongi eta bukaerarako justu xamar. Orokorrean heltzeko garaian eskas guztiontzat.

211 partaideen artean, gure taldeko lasterkariak Jokin, Manu, Mikel, Javi, Josu eta Xabi izan ziren, gainera Manu handia, Patxi eta Rafa ere animatu ziren beraien hezur zaharrak aldapa horietatik arrastaka eramatera. Teo Cacho ere han aurkitu genuen, baita ere Blanca Garay eta Itziar Esteban.

Sailkapenak hemen ikusi ditzakezue, bertan ez duzue Josu aurkituko, gaizki sentitu eta bertan behera utzi behar izan bai zuen lasterketa. Gero ere, etxera buelta gaixorik egin zuen. Gaur aldiz errekuperatuta eta entrenamenduetan buru belarri sartuta berriro.

Hemen dituzue atzo irteeran eta pista horian Lurdesek ateratako argazkiak. Ikusiko duzuenez denbora osoan elurra aritu zen.


1 comentario:

  1. buru-belarri buru-belarri eztakit nik ba!! baietz esan beharko!!

    ResponderEliminar