Udako entrenamenduari buruzko artikuluan aipatu genituen entrenamendu mota espezifiko batzuk, hau da, eskiaren ariketa eta mugimenduak errepikatzen saiatzen direnak. Horietaz aparte, badira, esan genuen bezala, ariketa ez espezifikoak, eskiaren gain eragin positiboa eduki ditzaketenak. Horien onuren artean “txip” aldatzeak emandako mesedea ez da txikienetakoa izaten. Ez genuen azken horien artean Martxa nordikoa aipatu, eta irakurle arretatsu batek horrela gogorarazi digu.
Gaur egun ohituta gaude mendian hainbat jende bastoia erabiltzen ikusten. Garai batean aitonen tresna bezala ikusten genuena, gaur egun eta batez ere zaku astuna bizkarrean daramagunean, ia ezinbestekoa bihurtu da mendizale askorentzat. Batzuek bakarra erabiltzea dute gustuko; beste batzuek, ordea, bien laguntzaz baliatzen dira, eta egia esan, mesedegarri bihurtu da, batez ere gure belaunentzat, ohitura hau.
Martxa nordikoa kirol xinplea da, betiko moduan ibili edo korri egitea, baino bastoien laguntzarekin.
Kirol hau 1930eko hamarkadan, iraupen eskiatzaile finlandiarrak hasi ziren praktikatzen udako entrenamendu gisa; gero, askotan bezala industriaren laguntzaz, 1996an Exelen eskutik jaso zuen bultzakada eta hasi zen zabaltzen. 2000n Finlandian sortu zuten INWA (International Nordic Walking Asotiation) eta gaur egun kirol ezaguna da, batez ere Estatu Batuetan eta Ipar Europako herrialdetan.
Osasungarria benetan, korrika egiteari gorputzaren goialdeari lan eginaraztea gehitzen dio, horrek dakarren mesedearekin, batez ere iraupen eskia praktikatzen dugunontzat. Horrekin batera beste mesede nabarmena du: belaunen karga, eta orokorrean hankatako artikulazio guztiena, arindu egiten duela.
Bakoitzak bere neurrian egin dezakeen kirola da, horrela, osasun iturri bezala egin dezake edozein adineko pertsonak, baina baita entrenamendu gogor eta zorrotza egin nahi duen kirolari trebeak ere.
Espainian hasi dira pixkanaka elkarteak (ANE adibidez) eta zaletuen taldeak ugaritzen, Calafelleko kataluniarren kasuan bezala.
Bideo honetan teknikaren azalpen bat ikusi dezakezue.
No hay comentarios:
Publicar un comentario