Urtero egin ohi dugun moduan,
aurten ere Pont d’Espagne iraupen-eski estaziora joan gara abenduko igaro
berri den zubi honetan.
Betiko bilgune bilakatu den
unibertsitateetako aparkalekuan geratu ginen ostiral goizean, eguna argitzear
zegoenean. Maletak eta eski poltsak banatu eta maleteroetan antolatu bezain
laster, Donostiatik 8 lagun atera ginen kotxe eta furgoneta batean Pont
d’Espagnera bidean, non ordu pare bat geroago taldeko beste bi kiderekin elkartuko
ginen. Guztira 10 eskiatzaile bildu ginen eskiatzeko prest: Sarasolatarrak
(Jokin, Mikel, Esti eta Patxi), Manex Garay, Oier Garbisu, Eneko eta Peru
Larrañaga, Beñat Irizar eta Xabier Gardeazabal.
Maletak eta poltsa guztiak
Clot-eko Chalet-aterpera igo eta hamaiketako txiki bat hartu ostean,
eskiatzeari ekin genion behingoz. Eguraldia gure alde izango genuen hiru
egunetan zehar, eta pistetako elurra kalitate ezin hobekoa zen.
Nahiz eta aurtengoan taldeko
helduenek ezin etorri izan, aurretik entrenatzeko gidatxoa prestatu ziguten,
eta hau jarraitzen saiatu ginen entrenatzaile lanak egiten ibili ginenok.
Ostiralean, gehienontzat denboraldiko lehen eskialdia zelakoan, klasiko
teknikaren nondik norakoak gogoratzeko ariketak egiten jardun genuen bazkal
ordura arteko denbora. Duda barik, oreka behar bezala mantentzea izan zen
gehien berreskuratzen kostatu zitzaigun kontua, baina bukatzerakoan, lorturiko
hobekuntza nabaria izan zen.
Oreka lantzen ari ginela,
gainera, Beñatek bere erortzeko estilo desberdinak erakutsi zizkigun.
Arratsaldean, gehiago eskiatu
ezin genuenean, bakoitza bere kontuak egitera joan zen: batzuk dutxara eta
siestara ondoren, besteren bat ikastera, animatuenak eskiak parafinatzera, eta
abar.
Lehen eguna bukatzear zegoenean eta
afaltzen hasteko eserita geundela, gaueko menua zein izango zen asmatzen saiatu
ginen, eta gazteen zoritxarrerako, egundoko barazki-zopa izan genuen. Soilik
gutxi batzuek platerean jarritakoa amaitu genuen, eta ogia jaki preziatuena
bilakatu zen gaztetxoen artean.
Oheratzea iskanbilatsua izan zen
ere, gazteon gelan edonolako gauzak hegaka bota eta helduenen garrasi bat edo
besteri bide eman geniolarik.
Biharamunean, sasoian jartzeko
gosari baten ostean (batzuei afarian asetu gabeko gosea betetzeko balio izan
zien…), eskating-eko botak jantzi eta eskiatzera atera ginen danok. Beroketa
libre baten ostean, eta Cayan-eko lautadan eguzkiak jotzen hasi zuenean,
teknika lantzeko ariketak egiten jardun genuen goiza. Eskating-eko pauso edo
martxa desberdinak (bai, kotxeen edo txirrinen antzera) lantzen ibili ginen
batipat, batzuentzat kontzeptu berri xamarrak zirelako eta besteontzat
hobetzeko lekua zegoelako.
Bazkalostean gaztetxoak euren
kabuz eskiatzera joan ziren, barrabaskeriaren bat eginez, noski, eta besteok
norberaren entrenamenduak egiten ibili ginen.
Gau lasaiago baten ostean, eta bi
kide gutxiagorekin (Larrañagatarrek larunbat arratsaldean joateko plana
zeukaten), berriz klasiko egiteari ekin genion. Eguneko elurraren kalitate eta
tenperaturarako argizari aproposena aukeratu eta eman ostean, goizeko hotzari
aurre egin genion, nahiz eta zeru erabat urdina izan. Ostiralean ez bezala,
oreka landu ordez pauso eta bultzada bakoitzari etekina ateratzeko ariketak
egiten ibili ginen, argizariak elurrarekin duen ukipena handitzeko indarra
behatzetan bilduz.
Eguerdi aldera bazkaldu eta
maletak egin ostean kotxeetara joan ginen, eta itzulera bidea hasi genuen.
Maletak egiterakoan, gainera, gazteren batek ahaztutako txamarraren bat topatu
genuen ere. A ze burua zeuena!
Astebukaerari amaiera borobila
emateko, itzulera bidaian trafiko handia topatzeaz gain, Frantzia aldeko
errepideko peajeetan komeriak izan genituen, Xabierrek eskuz ordaintzeko
leihatilak lehenengoan ezin topatu ibili baitzen, ilara luzeak sorraraziz.
Hurrengorako badakigu: jarraitu gezi berdeak!
Laburbilduz, astebukaera bikaina
pasa genuen, eguraldia gure alde izanik eta atsekaberik gabe itzuliz.
Lasterketak laster hasiko dira, eta ekipoa hurrengo irteera egiteko irrikan
dago. Laster arte!
Argazkiak ikusteko, hemen.
Xabi Gardeazabal
No hay comentarios:
Publicar un comentario