Joan den
aste-bukaeran , hil hasieran, kurtsoko lehen entrenamendu antolatua egin genuen
Nafarroan, Izaba inguruko errepideetan hain zuzen ere. Ostiralean, goizean goiz
bi kotxe atera ginen Donostiatik, Burgi herriaren ondoko poligono industrialean
elkartzeko planarekin. Bertan, aurrekoetan bezala, bidegorri modukoa den
zirkuituan ibili ginen gutxi batzuk — Jokin eta Patxi Sarasola eta Xabi
Gardeazabal– teknika ariketa batzuk lantzen, ondoko tabernako parranderoen
algarak entzuten genituelarik. Izan ere, Mikel ez zegoen oso osasuntsu, eta
Josurentzat gure entrenamenduak beroketa besterik ez direnez, Yesa-ko
desbiderapenetik roller-etan joaten ari zen Burgi-rako bidean. Hala ere, 15
kilometro horiek gutxi zirelakoan, poligonotik azkar asko ospa egin zuen Izabaraino,
besteok gure ariketak egiten jarraitu genuelarik.
Izaban,
bazkalostean, bertan ospatu zen bizikleta lasterketaren giroa zegoen oraindik,
eta taberna batean La Vuelta
ikusten ari ginela, Xabi agertu zen, bere herriko festetatik neke begiekin zetorrena.
Arratsaldean
Belagoako portua igotzera animatu ginen, batzuk Izabatik bertatik eta beste
batzuk El Rincón-etik. Hasiera batean eguraldia ona izan arren, behin portuan
gora egindakoan haizeak ikaragarri gogor jotzen zuen, gure erritmoa nabarmenki
motelduz. Gehienak gora iristean, atzerago geratu zen Xabi gaztearen bila
jaitsi ginen denok furgonan, hotzaren hotzez.
Behin Bortirin,
dutxa bero on baten ostean eta afari galanta sabelean, Errealaren partidua
ikusten aritu ginen. Ohera joan bezain azkar altxatu ginen hurrengo goizean,
Abodi-ko portua igotzeko asmoz. Garaienak Izalzu-tik atera ginen, eta beste
taldekideak portu hasieran ekin zioten igoerari, batzuk eskating-en eta besteak
klasiko estiloan. Aurreko egunean bezala, eguraldia gure alde izan genuen
denbora gehienean, nahiz eta behin eski pistako taberna ondoren haizeak gure
igoera oztopatzen hasi zen
Urtero bezala,
honelako irteeren ostean Otxagabiara joan ginen bertoko kanping-ean
bazkaltzeko, eta urtero bezala aurten ere ez zegoen lehen aldian ezagutu genuen
zerbitzari liluragarria.
Ondorengo egunetan Estiren argazkiak ikusi ahal izango dituzue.
Xabi Gardeazabal.
No hay comentarios:
Publicar un comentario